XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

NESKEK ESKAILERAK LERROKA igo bitartean, lau gizonek piano itzel bat arrastaka zeramatela, bide egin dute jendetzaren artetik.

Denak harri eta zur gelditu dira elizan baino ezagutzen ez zuten tramankulu handi hari begira eta, ordu arte ez bezala, seriotan hartzen hasi dira Jazinto eta Veronicaren kantinarekiko asmoak.

-Ez zaitezte hor leloturik geratu, faborez, eta utziezue pasatzen!

-Piano bat besterik ez da, astapito horiek! Veronicak, oraindik erasokor.

Pianoa zolako paretaren kontra utzi eta, hara jo dute guztiek jakinminak hartuta, kantina hitzetik hortzera hartzen ari zen piura berriak geroz eta harrituago.

-Jazinto! Ez esan musika ere izango dugunik!

-Arraioa! Zenbat tekla!

Makina bat eskuk pianoaren tekla zuri-beltzak kolpatzeari ekin diote, harik eta Veronicak berriro demandan egin dien arte:

-Aparta itzak hire apatxak piano gainetik, kaiku halakoa! esan dio bati, eskuetatik gogor helduz.

Barrez hasi dira beste guztiak errieta jasan duen koittaduaren aurpegikera izutua ikusita, erabat kokilduta geratu da-eta Veronicaren ateraldiarekin.

-Gizonak! Eskolarik gabeko astakirten batzuk besterik ez zarete denok! jarraitu du.

Pianoa utzi eta langileen artera sartzen ikusi dugu erabakior, eskuak bere gerri zabalaren alde banatan jarriak zituela.

-Algara, oihu eta arrantzaka ederki dakizue, baina ez dago zuen artean piano honi musika atera diezaiokeenik!

-Bazter zaitezte behingoz atzean dituenei, eta utziozue benetako artista bati traste horri doinua ateratzen.

Marta!